Gizarte eraginaren neurketa
NOIZ GARATU DEN
2018-2020
ZER DA?
Jakintza guneen inbertsioaren itzulera sozialaren analisia (SROI)
ENTITATE PARTEHARTZAILE NAGUSIAK
- UPV/EHU
- Tecnalia
- DIPC
- Eusko Jaurlaritza
- BERC Achucarro, Materialen Fisikako CSIC-UPV/EHU zentro mistoa, BioDonostia institutua
Deskribapena
2018. urtearen amaieratik 2020ko martxora bitarte barne proiektu bat egin zen, jakintza guneetarako inpaktu soziala neurtzeko sistema bat sortzeko, SROI metodologia erabiliz. Egindako SROI analisia 2018an eginiko jardueretan ardaztu zen, eta helburua zen jakitea haiek zer inpaktu izan zuten jakintza guneen baterako sorkuntzako prozesuetan, patronatukide fundazionaletan, elkarlaneko proiektuak diseinatzen eta gauzatzen parte hartzen duten beste erakundeetan eta, azkenik, Euskadiko Administrazio Publikoan.
Azterlanaren helburuak bi ziren: batetik, jakintza guneek haien interes taldeentzat zer neurritan sortzen duten balioa ezagutzen lagunduko duten ebidentziak izatea, hala, Euskampus Fundazioak inpaktuagatiko kudeaketaren inguruan hartzen dituen erabakien berri emateko, eta, bestetik, sortutako balioa hobeto komunikatzea, batik bat alde finantzatzaileei.
Jakintza guneen itzulera soziala zehazteko prozesuak metodo eta tresna ugari biltzen zituen, ohikoak inpaktu sozialaren plangintza , monitoretza eta ebaluazio faseetan.
Erabilitako input guztiak kontabilizatu eta outcomeak kuantifikatzeko informazioa jaso, diru balio bat esleitu eta inpaktua ezarri ondoren, inbertitutako euro bakoitzeko jakintza guneek, balio sozialean, 1,92 euroko itzulera sortzen dutela ondorioztatu zen.
Analisiak aukera eman zuen egiaztatzeko jakintza guneek inpaktu positiboa dutela interes taldeetarako, eta ikusi zen balio handiena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarentzat eta patronatukide fundazionalentzat sortzen dela.
Ikaskuntzari dagokionez, inpaktu handiagoa sortzeko zenbait arlo identifikatu ziren:
- Lehenengo, inpaktuaren narratiba kanporantz hobeto eramateko eta jakintza guneen misioaren (elkarlanetik eta diziplinartekotasunetik abiatuta erronka sozial konplexuei erantzutea) eta haien stakeholderek hautemandako balioaren arteko kongruentzia areagotzeko aukera ematen duten ekintzak garatzea.
- Bigarrenik, ikertzaileei zuzendutako jarduerak berriz planteatzea eta segmentatzea; ikertzaileak, ustez, onuradun nagusiak dira eta, hala ere, balio sozialari dagokionez gutxien “irabazi” duen taldea izan da.
- Hirugarrenik, patronatuko kideekin parekatzea eta lehenestea inpaktu sozialaren arlo nagusiak eta jakintza guneen eta Euskampus Fundazioaren arrakasta zehaztu dezaketen metrika argiak lotzea.
- Laugarrenik, interes talde baztertuak izan ditzaketen eremu tematikoak identifikatzea eta behin-behineko inpaktu negatiboak arindu ditzaketen ekintzak diseinatzea.
Azterlanak Social Value International-ek (SVI) 2020ko otsailean emandako bermearen ziurtagiria lortu zuen. SVI balio sozialerako eta inpaktuaren kudeaketarako printzipio globalen alde egin duten erakundeen sare bat da.