Basque Diaspora Akademikoa
NOIZ GARATU DEN
2016
ZER DA?
Euskal diaspora akademikoari buruzko sinposioa.
ENTITATE PARTEHARTZAILE NAGUSIAK
- UPV/EHU
- Etxepare Euskal Institutua
Deskribapena
UPV/EHUk euskal diaspora akademikoari buruz antolatutako lehen sinposioa Donostian izan zen, 2016ko uztailaren 12an, Carlos Santamaría zentroan, Donostia Europako kultura hiriburua izan zenean.
Mundu osotik sakabanatuta arbaso euskaldunak dituzten edo Euskal Herriarekin loturak dituzten akademiko eta ikertzaileen nazioarteko erkidegoaren oinarriak ezartzeko abiapuntutzat hartu zen, eta planeta osoko ikerketa, adimen eta kultura jarduera identifikatzeko eta Euskal Herriko sustraiekin lotzeko aukera paregabetzat.
Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako akademiko eta ikertzaile entzutetsuak izan ziren, Euskal Herriarekin ageriko loturak dituzten nazioarteko erreferentziazko pertsonak, nagusiki motibo batengatik edo batzuengatik: Euskal Herriko zazpi probintzietakoren bateko arbasoak dituzte; Euskal Herrian jaio dira; Euskal Herriko unibertsitateetako Alumniak izan dira, edo euskal ikasketen nazioarteko akademikoak dira.
Hona hemen gonbidatuen izenak, afiliazio erreferentzia laburrekin:
- William Douglass, Gizarte Antropologiako irakaslea Nevadako Unibertsitatean (Reno). Honako hitzaldi hau eman zuen: “Euskal diasporan espezialista direnen nazioarteko sare akademikoa eratzen”.
- Stephen Ansolabehere, Gobernuko irakaslea Harvardeko Unibertsitatean (Cambridge, Massachusetts). Hitzaldiaren izenburua: “Bost ideia Euskal Diaspora Akademikoaren Sarea eratzeko”
- Xabier Irujo, Genozidioari buruzko Ikasketen irakaslea Nevadako Unibertsitatean (Reno). Hitzaldiaren izenburua: “Euskal bibliografia ekoizpena”.
- Mikel Prieto, Mayo klinikako Transplanteen Kirurgiaren Ataleko kontsultorea, Giltzurrun eta Pankreako Transplantearen eta Giltzurruneko Transplante Pediatrikoaren zuzendari kirurgikoa. Hitzaldiaren izenburua: “Euskal akademikoen sare globaleko lana”.
- Maider Llaguno, irakasle atxikia Arkitekturako, Plangintzako eta Kontserbazioko Graduondoko Eskolan, Kolunbiako Unibertsitatean; AZPML Alejandro Zaera-Polo & Maider Llaguno Arquitecturako zuzendaria. Hitzaldiaren izenburua: “Hiri kosmopolitika”.
- John Ysursa, Historiako irakaslea Boiseko Estatu Unibertsitatean (Boise, Idaho); Euskal Ikasketen Partzuergoko zuzendaria, unibertsitate berean. John Bieter, Historiako irakaslea Boiseko Estatu Unibertsitatean (Boise, Idaho); Euskal Ikasketen programako sortzailekidea. John Ysursak eta John Bieterrek elkarrekin eman zuten hitzaldia: “Euskal sare akademiko global integratua eta iraunkorra garatzea”.
Mari Jose Olaziregi izan zen sinposioko dinamizatzailea eta errelatorea, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapeneko eta Zabalkundeko zuzendaria.